Luberri Oiartzungo Ikasgune Geologikoak Oiartzun Haraneko, Oarsoaldea eskualdeko eta Aiako Harria Parke Naturalaren aberastasun geologiko eta paleontologikoa ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dizu.
Gure historia geologikoaren nondik norakoak ulertzeko 1.000 milioi urtetan zehar bidaia zoragarria proposatzen digu.
Gaikako aretoak eta beirazko 40 arasa ditu Luberri ikasguneak. Arrokak, fosilak, mineralak eta askotariko geologia-materialak aurkituko dituzu museoan zehar. Gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez idatzitako horma-irudiek material horien ezaugarrien, jatorriaren eta agertokiaren berri emango digute.

Adibidez, “Arrrokak, mineralak eta fosilak” izeneko gunean, geologiaren oinarriak eta euskal lurretan aurki ditzakegun fosil, mineral eta arroka motak erakusten zaizkizu, besteak beste. "Euskal Herria" aretoari dagokionez, azken 500 milioi urtetan gure mendietako arroken bilakaera ulertzen lagunduko digu. Bestalde, "Oiartzun" aretoak aipamen berezia merezi du: Gipuzkoako lehendabiziko biztanleak, aro geologiko desberdinetako fosil esanguratsuenak eta batolito granitikoa (Euskal Herrian aurki daitekeen granito-egitura bakarra) aztergai dira bertan. Azkenik, museoak aurkikuntza berrien inguruko gune bat ere badu.
















