Industriak Errenterian izan duen indarra eta bilakaera aditzera ematen du eraikin honek. Izan ere, dagoeneko XV. mendean bertan kokatzen zen burdinolak uraren indarra erabiltzen zuen energia eragile gisa
Burdinola hori, urteetan zehar, fanderia, errota, irin eta pentsu-lantegia ere bilakatu zen, 1996 urtean itxi zen arte.
Bertan ehotzearen mekanismoa eta errotarriak lanean ikusiko dituzu, errota eta gure kultur eta ibai-ondareari buruzko bi ikusentzunezko, hainbat informazio-panelekin batera.

Zentro hau Ibaiaren Etxea da ere, hau da, Ibaiaren interpretazio gunea, ingurumen eta kultura-ondarea ezagutzeko eta hau kontserbatzeko, alegia. Hori dela eta, protagonista nagusia ibaia da, lurraldearen egituraren ardatza izan dena, burdinaren industria garaitik gaur egun inguratzen gaituen ibai ekosistemak merezi duen sentsibilizazioa lortu duen arte.


























