Urtero legez, Aiako Harria natura-parkean, Errenterian dagoen Listorretako aisiagunea ezagutzera emateko eta balioztatzeko hainbat jarduera berezi antolatu ditu Errenteriako Udalarekin elkarlanean, Gipuzkoanaturak.  

JARDUERA GUZTIEN KARTELA IKUSI

Hasteko, uztailaren 17an, ostiralarekin, Saguzarren mundu harrigarria hurbiletik ezagutzeko aukera izango dugu Lander Olasagasti adituaren eskutik. Oinarrizko azalpenak emateaz gain, detektagailu berezi batzuk erabiliz entzuteko aukera izango da, baita,  ingurunea adi behatuz gero, haietakoren bat  ikusteko ere. Saguzarrak gure inguruan bizi diren ugaztun hegalari ezezagunak dira; saio honen bitartez, ingurunean daukaten garrantzi ekologikoaz ohartuko gara. Ekintza euskaraz eta gaztelaniaz izango da. 

Abuztuaren 8 eta 29an, aldiz, Aiako Harria natura-parkea ezagutzeko jarduera  bat antolatu da. Listorretatik hasita,  parkearen altxorretako batzuk gertutik ezagutzeko aukera izango dugu ibilaldi motz baten bidez.

Jarduera guztietan, nahitaezkoa da aurrez izena ematea (943 495069 – 688 895068, arditurri@gipuzkoanatura.eus).