Urubiak, hontzak, mozoloak eta zatak uste baino ohikoagoak dira gure lurraldean. Gaueko hegazti harrapari hauek ia ikusezinak dira egunez; izan ere, landarediaren artean, zuhaitzen zuloetan edo bestelako babesleku naturaletan ezkutatuta atseden hartzen dute. Gaua iristean, ordea, beren aparteko egokitzapenak erakusten dituzte: ilunpetara egokitutako ikusmena, entzumen bikaina eta ia isilean hegan egiteko gaitasuna ematen dieten hegoak, harrapari eraginkor bihurtuz.

Datorren azaroaren 21ean, espezie horien mundu liluragarrian murgiltzeko aukera izango dugu Oiartzungo Arditurri Parketxean, Nerea Pagaldai biologo eta gaueko hegazti harraparietan adituaren eskutik. Biologian doktorea da, eta bere ikerketa urubien azterketan eta hiri nahiz landa eremuetako populazioen arteko desberdintasunetan oinarritzen da. Horretarako, jarraipen eta irrati-markaketa teknikak erabiltzen ditu haien ohiturak eta jokabidea hobeto ezagutzeko.

KARTELA IKUSI

Jarduera 18:30ean hasiko da parketxean egingo den aurkezpen dibulgatzaile batekin. Bertan, gaueko hegazti harraparien ezaugarri nagusiak, gure inguruan bizi diren espezieak eta orientazio, ugalketa eta ingurunera egokitzeko dituzten estrategiak ezagutuko ditugu. Ondoren, Arditurriko inguruetan behaketa-irteera egingo dugu, haien kantuak identifikatzeko eta, zorte pixka batekin, gaueko biztanle misteriotsu horietakoren bat ikusteko.

Adin guztietarako egokia den eta zailtasun txikiko jarduera da, Aiako Harriako gaueko fauna ezagutu nahi dutenentzat aproposa. Plaza kopurua mugatua denez, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da. Linterna edo frontala eta aire zabaleko jarduerarako arropa egokia eramatea gomendatzen da.

  • Prezioa: 6 € (helduak) | 4 € (12 urtetik beherakoak)
  • Izen-ematea: plaza mugatuak, aurretik erreserba egitea ezinbestekoa da.
  • Erreserbak: 943 49 42 48 / 688 89 50 68 - arditurri@gipuzkoanatura.eus