Eguzki-borda familiako gaztandegian Idiazabal jatorri-deiturako gazta egiten dute ardi latxaren esnearekin. Errenteriako Zamalbide auzoan dago, San Marko gotorlekuaren inguruan, Lau Haizeta parkean. Ardiak ukuiluan egoten dira urritik ekainera arte. Ekainetik urrira Aralar mendilerroan egoten dira, hango larreetan bazkatzen.

Arkumeak azaro-abenduan jaiotzen dira. Gazta urtarrila eta ekaina bitartean egiten dute. Beraz, oso garai egokia da hau ardiak eta arkumeak ukuiluan ikusteko eta gazta egiteko prozesua ezagutzeko.

Antolatu dugun bisita, Josu Oiartzabalek (gaztandegiko arduradunak) gidatuko du. Bisitariek ardien elikadurarekin eta zainketarekin lotutako xehetasunak ezagutuko dituzte; arkumeak ikusiko dituzte gertu-gertutik eta ardiei bazka emango diete. Jarraian, gazta egitearen prozesu osoa azalduko zaie. Amaitzeko, Eguzki-bordan egindako Idiazabal gazta dastatuko da.

Otsailaren 2an, igandearekin, izango da bisita, Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta. Goizeko 11:00etan emango zaio hasiera, ordu eta erdi inguruko iraupena izango du eta aurrez izena eman behar da Arditurri parketxearekin harremanetan jarriz. Prezioa 12 € helduentzat eta 6 € haurrentzat (3-12 urte) izango da. Euskaraz emango dira azalpenak.

Informazio eta erreserbak:
Parketxe Arditurri
943 49 42 48 - 688 89 50 68